“LELLO” eta BESTE ANARKISTA GUZTIAK UTZI PAKEAN!!

5 maiatza

2024eko apirilaren 22an Torinoko fiskaliak eta DIGOS polizia politikoak abiatutako “City” delako operazio errepresiboaren barnean etxe-atxiloketa ezarri dioten 3 kideetako bat 77 urtetako Pasquale “Lello” Valitutti dago . Calabriako Paola herrian orain dela 77 urte jaiotako anarkista historiko hau gurpildun aulkian dabil, osasun arazo larriak ditu eta Erromako periferiako nekazal etxe batetan bi txakurrekin batera bakarrik bizi da.

Calabrian jaio arren gaztetatik Milanen bizi izan zen eta bertako Ponde della Ghisolfako talde anarkistan ibili zen Giuseppe Pinelli edota Pietro Valpreda kideekin batera. 1969ko abenduaren 12ko Piazza Fontanako atentatuaren 1 ondoren poliziak atxilotutako anarkistetako bat izan zen eta hileko 18an Pinelli komisaldegiko lehiotik behera bota zutenean Lello ondoko gelan atxilotuta zutenez gertaera honen lekuko nagusia izan zen.

Giusseppe Pinelliren hilotza.

1977ko urrian Azione Rivoluzionaria 2 talde armatuko kide izateaz akusatuta atxilotu zuten. Urriaren 18an Livornon AIko talde batek talde bat enpresari baten semea bahitzen saiatu zenean atxilotu zutenean, hoietako bat Lelloren laguna zela eta hura ere erakundeko kide gisa seinalatu zuten (hark beti ukatu izan duena).

Espetxean zela giltzurrunean gaixotasun bat garatu zuen eta espetxeko medikuak ez zion tratamendurik eman. Horren ondorioz 1978an oso larri zegoelarik gose greba bat burutu zuen medikuek artatu zezaten. Hiltzear zegoela baldintzapeko askatasuna eman zioten baina gertakari honen ondorioz giltzurrun bat kendu behar izan zioten ta bizi osorako ondorioak jasan zituen.

Kondenatua izango zela garbi zuenez Lellok, emaztearekin ta bi seme txikiekin batera ihes egin zuen hamarkadetako ihesaldiari hasiera emanez. Urteotan Indian, Nepalen ta Hegoamerikako hainbat herrialdetan ezkutuan bizi izan zen. Nikaraguan zela bertako herri miliziekin ultraeskuindar “contra” gerrilaren aurkako borrokan parte hartu zuen. Bitartean Italian 14 urtetako espetxe zigorra ezarri zioten (gerora urteetako helegiteen ondorioz 4 urtetara murriztu zioten).

Hegaldi baten transbordo batetan AEBtako Los Angelesen pasaporte faltsuarekin bidaiatzeagatik espetxeratu zuten. Estatubatuar epaileek ez zuten onartu Italiara extraditatzea baina azkenean zigorra murriztu ziotela jakinda Lellok Italiara itzultzea onartu zuen.

Italiara itzuli eta gutxira minbizi bortiz batek hilzorira eraman zuen eta horren ondorioz gurpildun aulkian bizitzera behartuta ta osasun arazo larriekin geratu zen. Hala ere hamaika borroketan parte hartzen jarraitu zuen eta horren ondorioz hainbat aldiz epaitegietara itzuli behar izan du.

Azken urteotan berriz ere epaileek zigortu egin dute, azken aldian Alfredo Cospito eta Anna Beniamino kideekin batera “Scripta Manent” auzian 2 urtetako zigorra ezarri zioten aldizkari batetan idatzitako artikuluengatik.

2023 urtean Alfredo Cospitoren aldeko mobilizazioetan Lello lehenengo lerroan izan da eta hedabideetan egindako adierazpenen ondorioz poliziaren jopuntuan izan da.

1 .Terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakiarekin estatu kolpe bat eta ezker muturraren aurkako legedi bereziak bultzatzeko NATOko zerbitzu sekretuek Italian bultzatu zuten “tentsioaren estrategia” delakoaren barnean, 1969ko abenduaren 12an zerbitzu sekretuen aginduetara zeuden neofaxistek bonba indartsu bat jarri zuten Milaneko Piazza Fontanan 17 hildako eta 88 zauritu eraginda. Poliziak berehala errua anarkistei egotzi zien eta dozenaka lagun atxilotu zituen.

2 .AR edo Azione Rivoluzionaria 1976-1981 urteen artean Italian borroka armatua garatu zuen erakunde anarkista bat izan zen. Bertan II Mundu Gerrako partisano ohiak, langile eta ikasle gazteak zein beste herrialdetako iraultzaileek osatu zuten.

Utzi iruzkina